BURDINOLA
 

EL POBAL BURDINOLA

El Pobal dorretxearen ondoan dago, Sorginleku izeneko leku batean.  Bizkaian ia-ia burdinola guztiak desagertu dira eta, horregatik, ohore handia da El Pobal burdinolak irautea.
Burdinola  hau XIII-XIV mendeetan zabaldu ziren burdinola hidraulikoetako bat da.
XVIII. mendean, Marques de Villarias bizi zela, berriztatu zuten eta gaur egun ezagutzen den bezalaxe geratu zen. Barakaldoko lehenengo Labe Garaia piztu zuen garra, burdinola horretako sutatik hartu omen zen.

   
 

Burdinola harlangaitzez egina dago eta instalazio hidraulikoa, forja eta ikatz edo mineral gordailuak daude bertan.
Bizkaian mazoa eta gurpil bertikala gorde dituen burdinola bakarra da. 
Zorionez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Historikoaren Zerbitzuak, luzaro itxaron ondoren, burdinola zaharberritzea lortu du.
Arte-ondarearen multzoan, burdinolaren ondoko dorretxea nabarmendu behar da; hareharrizko harlanduaz egina dago eta baserri gisa erabili da urte askotan. Gaur egun dorretxe hori zaharberritu dute eta burdinolaren museo-etxea da.

Burdinola eta museo-etxea ikusi ondoren, funtsezkoa da errota, labea, ukuiluak eta urtegia ere ezagutzea, gure meatzaritza eta industriaren garai garrantzitsua hobeto ulertzeko.
El Pobal izenekora hurbiltzen den bisitariak hiru esparruz gozatzeko aukera izango du, hauek lotura estua dutela: alde batetik, burdinolaren eraikina osatzen duten aretoak, berau multzoaren eraikuntza nagusia izanik; bestaldetik, irin-errotaren gela, guztiz hornituta eta jarduteko moduan dagoena eta, azkenik, Salazar sendiaren jauregi-etxea izan zenak ordezkatzen duen egoitzazko izaeraren lekukotza, honek gotiko berantiarreko estiloa du eta XVI. mendeko aurreneko urteetan ere eraiki zuten olagizonen bizilekutzat.