Arkitektura Zibila
 

Santelices dorretxea

Eraikin gehiena harlanduzkoa denez, badirudi aspaldian dorrea izan zela. Gaur egun dorretxea txikituta dago eta dorrearen zenbait elementu gordetzen ditu: txikitutako arku-atea, Salazar familiaren armarria duelarik, eta arku horren gaineko leiho bat bolaz apainduriko apala duela, XVI. mendean Bizkaian nagusi zen Errege Katolikoen estiloarekin bat.

   
 

Fatxada erdian kardu-ziza batzuk eta patio bat daude eta ateburuan 1840 data ageri da, agian eraberriketaren bat dela eta. Eskuinaldera ate modernoago bat dago eta beronen gainean beste leiho bat, bolaz apainduriko apala duela eta bolak leihoaren inguruan ere daudelarik. Horretaz gain, leiho gotiko bat, gezileihoa, etab. 

Dorretxe honek defentsarako hesia eta gezileiho batzuk ere gordetzen ditu, galzorian badago ere.

 

Memerea dorretxea

Santelices dorretxearen antzekoa da. Behe solairuak erdi-puntuko arku karpaneleko sarbideak ditu eta bizitokiko aldera patio batetik iristen da. Gaur egun ozta-ozta antzeman daiteke jatorrizko eraikina; hala ere, fatxada nagusiko leihoek, ateburua, barne eserlekuak eta  leiho-barrenak dituztela (bao zorrotzak ere uztarturik),  eraikin militarra ez baizik bizitokikoa zela pentsarazten digute.