Arkitektura Erlijozkoa
 

Muskizko San Julian eliza

San Julian de Muskiz auzoan dago eta Muskizko elizarik zaharrena da: Erdi Aroan eraiki eta XVI. mendean berreraiki zen. Habearte bakarrekoa da eta zutabeak erdi puntuko arkuen bitartez lotuta daude, ertz-ganga eratuz.
Eraikinaren oinaldean bost gorputz edo altuerako dorre karratua dago (azkenak kanpaiak ditu) eta amaierako eraikitze-fasekoa da, 1686 urte ingurukoa.
Portada gotikoa XVI. mende hasierako da, turuta-arkuak ditu eta apur bat zorrotza da; sarrera dorrearen oinaldeko arkuetan dago.
Barrualdean tarte bi daude; lehenengoan aldarea eta elizaren irudi gehienak daude,  horien artean, XVII. mendeko Pietatearen tailla; bigarren tartean  korua dago. 
Antzinako absidearen estalkia eraitsita dago, gerra zibilean aerodromo militarraren ondoan botatako obusen leherketen ondorioz gertatu ziren lur-korritzeengatik; hala ere, eustorma eta hormen zati batzuek zutik diraute.
Elizaren aurreko parkean XVI. mendeko harrizko gurutzea dago, Bizkaiko zaharrenetako bat.

   
       
   

San Joan Bataiatzailea eliza
Tradiziozko eliza barrokoaren eredu garbia da, apaingarririk gabea. 1742 urtean hasi ziren eraikitzen San Joan baseliza zegoen leku berean; baseliza hori 1682tik 1685era bitartean eraiki zuten San Juan auzoko Barbadun zubitik hurbil.
Oinplanoa gurutze latinokoa da. Habearte handia dauka, gurutzea,  alboko kapera bi eta bi isurkiko teilatua. Barnealdeak lau tarte ditu eta aldare nagusia lau angeluko absidean dago.
Fatxadak 3 gorputz ditu: lehenengoa altua da eta sarrerako atea dauka erdialdean; hirugarrenak dorretxo bi ditu muturretan, amaieran gurutzea duen frontoi apurtu baten bidez lotuak. Leihoak lau angelukoak dira eta garai modernoetako koloretako beirateak ditu.
Ebangelioaren alboan San Sebastiani omenezko kapera dago, Villaríasko Markesarena, eta epistola aldean Quadra-Salcedo familiaren beste kapera bat dago. Biak burdinazko forjaketako hesi ederrekin daude itxita, eliza eraiki zen garaikoak,  familien armarriak ere ageri direlarik.