Arkitektura Erlijozkoa
 

San Nicolas de Bari eliza
1750 urteko eliza hau Pobeña auzoan dago kokatuta eta Pedro de la Quadra Burgosko artzapezpikuak eraiki zuen. Eraikinak ebakidura barrokoa du, apaingarririk gabe. Lau angeluko oinplanoa eta aurrealdeko dorre karratua dauka fatxadaren erdialdean eta lau isurkiko teilatu txikia du. Habearte bakarrekoa da eta lau angeluko absidea dauka. Elizaren barnealdean hiru erretaula daude: San Nicolas, Karmengo Andre Maria  eta San Jose.

   
       
   

Sorospeneko Andre Maria baseliza
Pobeñako kaiak eratzen duen penintsula batean dago kokatuta, oso leku bitxian.  Baselizako margolan batean jasota dagoenez, 1768 urtearen inguruan eraiki zuten bertako auzokide Pedro De Llano kapitainak Habanatik A Coruñara egindako bidaian ekaitz batetik bizirik atera ondoren hitz eman baitzuen. Itsasgizonek horregatik gurtzen dute eta harrezkero, bildu egiten ziren itsasoaren egoera aztertu eta itsasontzian irtetea egokia zen ala ez erabakitzeko, Andre Mariaren babesa eskatuz.
Barruan San Nicolas eta San Bartolomeren omenezko aldareak daude eta erdialdeko erretaulan XVII. mendeko  Sorospeneko Andra Mariaren irudia ageri da,  egur polikromatuaz egina.

 
       
  Jasokundeko Andre Mariaren baseliza
Rigada auzoan dago. Gerra zibilaren ondoren berreraiki zuten eta desagertutako aurreko eraikina ere modernoa zen. Lau angeluko oinplanoa, habearte bakarra eta abside poligonala dauka. Fatxadak kanpai-horma du eta baselizako sarrera fatxada horretan dago, alde bietatik irteten den eliz atariak estalita. Fatxadaren eskuinaldean pilota frontoia dago, landa ingurune horretan lagunak biltzeko tokia, alegia.
San Jose baseliza
Kobaron auzoan dago. Habearte bakarrekoa da eta bi isurkiko teilatua du. Aurrealdeko angeluetako eustorma biak dira apaingarri bakarrak.