| |
Barbadun ibaiaren behe arroaren eta ibai-ahoaren ezaugarri bereziak direla eta, antzinatik, Paleolitotik oso populaturik egon zela esan liteke. Goi Paleolitoan, Barbadun ibaiaren arroan finkatuta zeuden gizakiak, ehizatik eta uzta-bilketatik bizi ziren eta Arenazako kobazulo bat zen beraien kanpamentu nagusia. Kobazulo hori erlijio gune garrantzitsua ere bazen, barrualdeko orein emeen eta uroen irudiei errituzko esanahia ematen bazaie, behintzat.
Muskizen aurkitu diren aztarnarik zaharrenak geroagokoak dira, Eneolitikoa – Brontzea izeneko arokoak, hain zuzen ere, K.a. IV-III milurtekoaren amaierakoak. Garai hartan, gizakia oraindik ehizan eta uzta-bilketan aritzen bazen ere, nekazaritzari eta abeltzaintzari esker gai zen elikagaiak ekoizteko. Ekonomia suntsitzailea izatetik ekonomia ekoizlea izatera igaro zen eta aldaketa hori astiro eta apurka-apurka gertatu zen, ziur aski, gizartearen antolakuntzan ere aldaketak sorraraziz. Giza taldeak aire zabalean bizi ziren, herrixketan, Ilso Betaion (Sopuerta-Artzentales) dagoena, esaterako. Talde hauen espiritualitatea agerian dago; hildakoak gurtu egiten zituzten eta horregatik, aire zabaleko hileta-eraikinak eta kobazuloetako gorpu-ehorzketak gelditu dira (trikuharriak eta tumuluak, batik bat, mendietan). Muskizen oraindik ez dira aurkitu hileta erritu bi horiek batera (Barbadunen ibai-ahoa kobazuloetako ehorzketen eredua da eta hurbilen dagoen trikuharrien multzoa Alen-Sopuertakoa da). Pico Ramos kobazuloetako ehorzketen adierazgarria da; kobazulo txiki horretan gorpuzki ugari eta objektu materialak aurkitu dira.
|
|

Pico Ramos

Silexko gezi puntak |
|
|
| |

Arkeologi indusketa |
|
K.a. I. milurtekoan giza talde indoeuroparrak iritsi ziren Euskal Herrira eta kultura desberdina eta aurreratua zuten: hileta errituak (gorpuen errausketa) eta berrikuntza teknologikoak (burdinaren metalurgia eta tornu zeramika) hedatu eta herrixkak muino eta mendixketan ezartzen zituzten (kastroak) harrizko hesiez babesturik. Talde hauek biziraupeneko ekonomia mistoa zuten eta batzuetan, ez zen nahikoa komunitateko kide guztiak elikatzeko. Soldadu erromatarrak penintsulara iritsi zirenean eta batez ere, gerra kantauriarren ondorioz (K.a. I. mendean), Kantauri aldean bizi zirenei buruzko berriak zabaltzen hasi ziren. Estrabonek tribu horien bizimoduaren berri eman zuen eta lehen aldiz, izena eman zitzaien: Autrigoiak. Talde hori Ason eta Nerbioi ibaien artean finkatuta zegoen, Muskiz dagoen lurraldean.
Erromatarren garaiaren hasieran, Flavios eta Antoninos enperadoreek inperioak bazterreko aldeak ere hartzea nahi zutela eta, Erromak bere politika koloniala burutu zuen Enkarterrin. Castro Urdialesen Flaviobriga kolonia sortu zuten eta ziur aski, Somorrostroko haraneko burdin filoiak ustiatu zituzten. Pliniok K.a. I. mendean Kantauri aldeko lurraldean burdinazko mendi bat aipatzen du, agian Trianoko mendiak iradokiz. Halaber, komunikazio bide garrantzitsu batek zeharkatzen zuen Enkarterri, Flaviobriga eta Pisoraca lotuz (Herrera de Pisuerga, Palentzia). |
|
|