Muñatones Gaztelua
 

Erdi Aroko eraikin militarren eredurik hoberena da. Dorrea, gaur egun dagoen moduan, Lope García de Salazar jaunaren aginduz eraiki zuten XV. mendearen lehenengo erdialdean, bere arbaso batek XIII. mendean eraiki zuen beste dorre xumeago baten aztarnen gainean.
Muñatones leinuak Asturiasko errege-etxean zuen jatorria, Lope de Salazarrek berak  Bienandanzas e Fortunasen dioen bezalaxe.
Juan Lopez de Salazar jaunak San Martin de Somorrostroren orubea  (Muñatones leinuarena izan zen) berreraiki zuen, Ines de Muñatones y de la Sierra anderearekin Bizkaira ezkondu zenean. Berauen biloba Lope García de Salazar y Muñatones izan zen, sasoi hartan Bizkaiko pertsonaiarik boteretsuena eta lehenengo historiagilea.

     
     
   

Lope jaunak Muñatones berreraikitzean, dorre berriaz estali zuen antzinako dorrea eta harresi bikoitza gehitu ere bai, gaur egun dagoen bezalaxe utziz: gaztelu bihurtuta.
Lope jauna historiako pertsonaia garrantzitsua da banderizoen gerretan parte hartu  izanagatik eta liskar horietan nagusitu zen, harik eta Enrique IV.a erregeak  beste lau bizkaitarrekin batera Jimenara (Gibraltar) lau urtez erbesteratu zuen arte, borroka horiek behin betiko amaitzeko asmoz. Hala ere, Lope jaunari garrantzi historikoa bere idazkiengatik datorkio: Crónica de Siete Casas de Vizcaya y Castilla (1454) eta Bienandanzas e Fortunas, garrantzi historiko handiko lana. Bizkaiko lehenengo historiagilea izan zela esan liteke.

Lope Garcia de Salazar jauna kondairetako pertsonaia izan zen. Txikitatik borrokatu zen banderizoen gerretan eta 18 urte zituela, Lope Ochoa de Mendieta hil zuen. 25 urte zuelarik, Gonzalo Gomez de Butron eta Doña María Alonso de Mugicaren alaba Juanarekin ezkondu zen eta sei seme eta hiru alaba izan zituzten.  1451. urtean, Juan II.a erregeak beraren semeetako baten maiorazkoa sortzeko ahalmena eman zion Lope jaunari, emandako zerbitzuen sari gisa. Lope jaunak eta emazteak bigarren semea hautatu zuten horretarako: Lope.

   
       
 

1457. urtean Erregeak Jimenara erbesteratu zuen, beraren bortizkeria zigortzeko. Lope, oinordekoa, Aragoin hil zen 1468. urtean, Torrellasko borrokan. Aitak nahi ez bazuen ere, Elorrioko gatazkara joan ziren eta bertan hiru seme hil eta bat zauritu eta preso hartu zuten. Legezko semeetatik, bi gazteenak baino ez zeuden bizirik.
Maiorazkoa, beraz, hildako semea Loperen semeei zegokien. Alabaina, Lope jaunak, Elorrion hildako seme zaharrenaren (Ochoa jauna) seme-alabak oinordekoak izatea nahi zuen; emazteak, ordea, ezagutzen ez diren arrazoiengatik, maiorazkoa Juan azkenaurreko semeari eman nahi izan zion. Semeek aita preso hartu eta honek, 1471. urtean, emaztearen eskariak onartu zituen. Preso egon zen hil arte eta urte horietan Bienandanzas e Fortunas idatzi omen zuen.
Muñatonesetik eta Portugaleteko Salazar dorretik ihes egiten saiatu zen; Salazar dorrera eraman zuten espetxerik seguruena zelako eta bertan hil zen 1476. urtean, semeek pozoiturik.