| |
Muñatones gaztelua da berezko ezaugarriak gordetzen dituen Bizkaiko gaztelu bakarra; gainerako gazteluek izan dituzten aldaketak direla bide, Pirinioez gaindikoak eredutzat harturik, Bizkaiko dorretxeen ohituratik urruntzen dira.
Gazteluak esparru bi eta dorre bat dauka. Lehenengo esparruak lau alde ditu eta angelu bakoitzean kubo bat; eguerdi aldeko fatxadatik dorretxo karratu bat irteten da. Ur-hobia inguratzen zuen zubi altxagarriko atea zen esparru horretako sarrera. Bigarren esparruan almena eta gezileihoak zeuden, gaur egun nahiko hondatuta egon arren. Erdiko dorrean ojiba-arkuko ate batetik (XVII) sartzen zen eta ate horren gainean familiaren hiru armarriak daude: Muñatones, Salazar eta Butron.
Dorre nagusian 1949 eta 1950 bitartean zaharberritu zutenean almenak ezarri zituzten bertan. Ojibako atea dagoen lehenengo solairura igotzeko eskailera edo mandioa falta da. Dorrearen hormetan gezileihoak eta kakotutako (ajimezean) leiho bakun edo bikotzak daude (XVIII). Dorrea oso eraikin altua eta itxia da eta hiru altuera ditu. Lehenengoa itsua da eta ardandegirako erabiltzen zen; bigarrenera, nahiko goian kokatutako mandio batetik sartzen da eta hortxe zeuden sukaldea eta gelak. Hirugarrenean saloi handi bat zegoen.
San Martín de Muñatones gazteluak, jauregiak eta baselizak multzo historiko eta artistikoaren adierazpena jaso zuten 1944. urtean eta aldundiak hiru eraikinak erosi zituen zaharberritzeko asmoz. 1968. urtean Informazio eta Turismo Ministerioari laga zion jauregia eta ostatu eta paradore bihurtu zuen. 1973. urtean itxi zuten eta aldundiari itzuli zitzaion. Gaur egun, gaztelua aldundiarena da eta irekita dago jendearentzat, hesiz inguratuta egon arren.
|
|
 |
|
 |
| |
 |
|
SALAZAR JAUREGIA
XVII. mendeko (1646) monumentu ikaragarri hau Muñatones gazteluaren alboan dago. Antzinako ospitalea izenaz ere ezagutzen da. Geroago, ostatua izan zen eta gaur egungo jabeak, Petronorrek, petrolio-findegian bisitak hartzeko prestatu du.
Fatxadetan Muñatones eta Salazar familien armarriak daude. Bizkaiko Foru Aldundiak jauregia eraberritu zuenean, Bizkaiko armarria eta Butron eta Salazar-Salcedo familiena ere ezarri zituzten.
Eraikin karratua da, bi solairukoa eta beste solairu bat du ertzean. Dorre txiki bat irteten da kanporantz. Barrualdean patio handia dago eta alde batean, lehenengo solairura igotzeko harrizko eskailera dago erantsita. Dorrea harlangaitzezkoa da leihoak, ateburuak, ateak, kantoiharriak... izan ezik; azken hauek harlanduzkoak dira. Sartzeko ate batzuk ditu eta berauen gainean daude armarriak. |
|
 |